XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Gero egingo ditugu kontuak. - Zorte ona izan.

Burdintziriz betetako gurditxoari heldu zion eta Manexen biltegira joan zen.

Han, biltegiko kargudun batek errezibitu zuen, hain zuzen ere, biltegian erosten ziren burdinen kalitatea aztertzen zuenak.

- Harritzen nau lehen mailako burdina izateak - esan zuen, hatz tartean burdintziri pieza bat zerabilela -. Manex!.

Nagusi berbera agertu zen haren hotsera.

Gizon gazte eta planta ederrekoa zen eta herren pixka bat egiten zuen.

Iban, beti Idoiarengan pentsatzen zuenez, berehala konturatu zen horretaz.

Kargudunak, burdintziri bat luzatu zion nagusiari.

Honek ere eskuetan erabili zuen.

- Ba al duzu gehiago?- galdetu zion Ibani. - Ez, besterik ez.

- Nola duzu izena? - Iban. Loperekin lanegiten dut. - A! Kapela xelebreak erabiltzen dituena!.

Eta barre pixka bat egin zuen.

- Gaixo al dago ala? - Ibanek ezin izan zuen gezurrik esan.

- Giltzapean sartu dute.

Nagusiak eta kargudunak begirada batzu elkartrukatu zituzten.

Gero, Manexek, burdintziria gurditxora bota zuen.